Izaera menperagaitza izaki, eliza ofizialaren doktrinaren aurrean kritiko jardun zuen: gerran faxistak bedeinkatu zituen eliza horrek hainbat konturen inguruan ezartzen zuen debekua, libertate faltak sortzen zion kezkak gauzetan sakontzera eta dogmatismoak ez onartzera bultzatzen zuen. Gipuzkoa eta Nafarroako herrietan zehar misioetan sermolari jardun zuen, estilo gazte eta aurrerakoiaz. Jarrera horren ondorioz salatua izan zen eta Ameriketara joatea erabaki zuen hemengo askoren aholkuaren kontra.
1954tik 1962ra, Erdi eta Hego Ameriketan ibili zen misiolari-talde ibiltari batekin: Uruguaytik hasi eta Bolivia, Ekuador, Peru, Kolonbia, Kuba, Panama, El Salvador, Costa Rican zehar misioak ematen. Kubako iraultzak herrialde hartan harrapatu zuen, hain zuzen
Urruntasunak ez zuen galdu euskal idazlea; Ameriketan , bere misio lanak herrialdez herrialde zabaltzeaz aparte, euskaraz idazten jarraitu zuen: Aberriak min dit gaztetako olerkien bilduma, Aboz abo: Arantzazuko kanta zaharren bilduma, Hogei kanta Arantzazuko. Antzerkia ere idatzi zuen Herri bat guruzbidean: estilo modernoz olerkia, bertsoa, musika, elkarrizketa tartekatuz.
Saiakera bat ere idatzi zuen Amerikan zela: Unamuno ta Abendats. Ongi ezagutzen zituen Salbatorek filosofo bilbotarraren lanak eta gauza askotan oso hurbil sentitzen zen haren pentsakeratik, nahiz eta garai hartan Eliza ofizialak gaitzesten zuen filosofo baten lanak irakurtzea bera fraide batentzat ez zen batere samurra. Ez zen Salbatore axalean geratzeko gizona eta, agian horregatik, jakin zuen Unamunorengan sakoneko euskaltasuna eta fedea aurkitzen
Bere bizitza laburreko azken urteak Suitzako La Chaux de Fonds-en eman zituen kapilau-lanetan, hara iristen ziren langile espainiarrei laguntzen. 1965ean hil zen. Gorpua Zarautzera ekarri zuten eta omenaldia egon ondoren Arantzun hilobiratu zuten.