Luis Villasante

Luis Villasante Kortabitarte (Gernika,1920 – Arantzazu, 2000). Bizkaiko Errenteria auzoan jaio zen 1920ko martxoaren 22an. Oka ibaiak bereizten dituen Gernika eta Ajangiz bi udalerri ziren garai hartan, nahiz 1943 urteaz geroztik udalerri bakarra diren: Gernika. Errenteria auzoa Ajangizko barrutikoa zen arren, Gernika gertuago zutela-eta, hara jotzen zuten errenteriarrek; honek eragina izan zuen Luis Villasante mutikoaren eguneroko bizitzan.

Gurasoak zituen Jose Villasante Martínez (1866-1937) eta Luisa Kortabitarte Gerrikaetxebarria (1886-1926). Mena haraneko Cadagua auzokoa zuen aita, Burgoskoa, erdalduna; ama, berriz, Aulestikoa; sortzez eta mintzaeraz, bizkaitarra.

1931an Arantzazuko frantziskotarren eskolan sartu zen barneko ikasle modura eta 1934an Foruako frantziskotarren eskolan.

1936an nobiziotzan zegoen, baina gerraren ondorioz Gernikara itzuli behar izan zuen. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa ezaguna gertatu zenean bere anaia, Jose Gonzalo UGT-ko batailoi batean zegoen eta hura ordezkatzen ari zen gaileta fabrika batean. Bonbardaketa hura lubaki batean gorderik ikusi zuen bere aitarekin batera, eta, besteak beste, etxea galdu zuen.

Ezinbesteko oinazeen ondoren, Zarautzeko komentura itzuli zen urte horretako maiatzean; nobiziotza bukatu eta 1938an profesioa egin zuen. Dena den, hura ez zen oztopo izan urte batez ejertzitoan aritzeko, Burgosko administrazioan.

1939an Arantzazura itzuli zen eta geroago Olitera jo zuen. Bertan 1942rainoko egonaldia egin zuen eta, bere ama-hizkuntza, euskara sakontzen hasi zen Salbatore Mitxelenarekin batera.

1942an profesio nagusia egin zuen Arantzazun.

1944an Comillasera joan zen Dogmatika ikastera 1947an Arantzazuko irakasle izendatu zuten arte. Bertan eman zituen hil arteko urteak. Urte horietan hasi ziren bere gaztelaniazko zein euskarazko argitalpenak plazaratzen.

1950ean tesi bat argitaratu zuen: La sierva de Dios M. Angeles Sorazu…estudio místico de su vida. Pertsonaia hura aurreragoko lanetan ere landu zuen, antzeko beste moja batzuen bizitza aztertzearekin batera. Urte hartan Krutwigen deia jaso zuen, sortu berria zen Euskaltzaindia osatzen aldera; horren ondorioz, bertako kide egin zen. Sarrera-hitzaldian lapurtarrari buruzko mintzaldia eman zuen. Egun horietatik aurrera, etengabe lan egin zuen euskararen alde: 10 liburu baino gehiago eta hainbat aldizkaritan (Aranzazu, Anaitasuna, Egan, Euskera, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko buletina, Verdad y Vida, Euzko Gogoa, etab.) argitaratutako artikulu espezializatuak. 1961an argitaratu zen Historia de la Literatura Vasca (Bilbo, 1979an berrikusi eta osatua) zedarri izan zen Koldo Mitxelenaren historiarekin batera.

1970ean Euskaltzaindiko lehendakari izendatu zuten eta 1988ra arte egon zen kargu horretan. 18 urte horietan euskararen batasunaren sustatzaile nagusiena izan zen Koldo Mitxelenarekin batera. Eta euskararen alde egindako lanaren ondorioz hainbat titulu erdietsi zituen.

 

 

Mostrando el único resultado

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.ACEPTAR

Aviso de cookies