Descripción
“Arantzazu dut kantagai” (ADK Bilduma)
Arantzazu: Natura – Kultura – Espiritualitatea
Andre Maria, Erromesak, Artea, Jendea, Historia, Izadia kantatu duten bost mendetako Balada, Olerki, Bertso eta Abesti-testuen bilduma
Arantzazuren poemak hamar tomotan
Bada Arantzazu Santutegiko artxiboan liburu edo koaderno bat, 200 orrialdekoa, Jose Adrian Lizarraldek 1922an ireki zuena, Arantzazuri buruzko baladak, koplak, bertsopaperak eta bestelako kanta zaharrak bildu eta bertan kopiatuz joateko: herritarren ahotatik jasotako kantak bertan eskuz idatziz, nahiz aurkituriko bertsopaper inprimatuak eta antzekoak bertan itsatsiz. Koaderno-liburua beteaz joan ziren Lizarralde bera eta ondorengo fraideak, eta gaur egun antzinako aho-literatura “arantzazuarra” ezagutzeko iturri behinena dugu, Arantzazuko artxiboko altxor guztiz preziatua: Romances euskéricos de Aránzazuderitza. Horko kantaren batzuk XV. mendearen azken aldian eta XVI.aren lehen urteetan dute jatorria. Kanta horietatik hasi zen Arantzazuko “poema”, bost mendetan gorpuztuz joan dena, Salbatore Mitxelenaren Arantzazu Euskal Poemaliburuak erakusten digunez.
“Poemagintza” historiko hori osatuz joan diren literatur piezen (baladen, koplen, bertso-sorten, olerkien eta abesti-testuen) bilduma eta edizio kritikoa da ADK-Arantzazu Dut Kantagai liburu-saila: hamar tomotan sailkatu eta banatua; aldi berean, poemagintza horretan parte hartu duten kantari-idazle ugarien berri ematera dator.
Hamar liburuak
Bitoriano Gandiagaren olerkietako batetik dago hartuta liburu sail osoaren gain-titulua: “Arantzazu dut kantagai / bera dut bizitza…”. Liburu sailean bildutako balada, kopla, olerki, abesti-testu eta bertsoek Arantzazu dute kantagai: Arantzazuko kondaira, Andre Maria, erromesak eta jendea, bertako bizitza eta fraideak, Arantzazukolurra eta natura, Arantzazuko artea, etab. Ez da, beraz, “literatura arantzazuar” osoaren antologia, gai eta estilo guztietako obra eta idatziena; Arantzazun nahiz Arantzazuren ingurune sozial-literarioan sorturiko literatura deitzen dut hemen “literatura arantzazuarra”, edonolakoa eta edotarikoa. ADK saila, berriz, Arantzazu bera kantagaitzat hartu duen literatura poetikoaren bilduma da, bertsoak eta abesti testuak barne.
Mila bat literatur pieza daude denetara jasota hamar liburuotan. Eta 3.200 orrialde osatzen dituzte denen artean.
Edizio historiko-kritikoa
Liburuon bilduma ez da literatur testu soilen argitalpena; horien nolabaiteko edizio historiko-kritikoa eskaini nahi izan dut, pieza bakoitzaren datu bibliografikoez gain, hainbat argibide emanez, dagozkien sarreren eta denetariko oharren bidez.